XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, lehenengo eraikidura aztertzeak, begirada zabal batetik, Estatu Integral terminoari zer edukina eman nahi izan zitzaion aztertzen lagunduko lukeen heinean, eraikidura juridikoaren analisiak, ia bide zehatzagotik, konkretuki eman zitzaion edukinaren arrastoak jarraitzen lagunduko luke.

Eraikidura politikoa aztertzekotan irizpide historikoa, deskriptiboa, erabili beharko genuke bereiziki, hots, efektibitate edo eraginkortasunarena (zein indar, faktore, etab, izan diren gertakari edo faktuetan bilakatu direnak), eta, zenbaitetan, legitimitatearen irizpidea (irizpide kritikoa, balorazioarena).

Bigarrenerako, aldiz, kalifikazio juridikoaren irizpidea litzateke egokiena, ez efektibitatearena edo legitimitatearena.

Noski, ereduaren bi isurialde hauek, errealitate historiko beraren aurpegiak direnez, ezin dira banatu, baina, bereizi bai, segun eta zein ikuspegi azpimarratu nahi den.

Guk, ezaguna den eraikidura politikotik abiatuz, eraikidura juridikoaren gaia ikutu nahi genuke.

Baina, asmoa ez da Estatu Integralaren edukin araukorrari buruzko analisi orokor bat edo sintesi historiografiko bat, edo berri bat, egitea.

Ez, gure ahaleginak bide apalagotik joan nahiko luke.

Hots, Estatu Integral delakoak jasan zuen eraikidura juridikoari heltzea, baina honek erakusten duen ikuspuntu propio eta berezi batetik bakarrik: eraikidura horren berme edo garanti mota aztertuz.

Horretarako, eraikidura juridikoa aztertzean Jarraitu nahi dugun azterketa metodoa ez da gurea. Lurralde-botere banaketa eredu baten azterketa juridikoa, suertatzen diren eraikidura (Konstituzional, konstituziondoko eta jurisprudentzial) desberdinen analisi bereizitzaile batez bideratzea ez da guk asmatutako erabidea, CRUZ VILLALON, P.'k sortutakoa baizik: La construcción jurisprudencial del Estado de las Autonomías, Revista Vasca de Administración Pública, 31 zbk., 1991, 249-260 o. Guk egindako bakarra, hark somatutakoa, II. Errepublikako eredu bereziarentzat egokitu nahiean, zerbait ikutu edo aldatzea izan da. bi atal bereiziko ditugu: eraikidura araukorrarena eta Berme Konstituzionaleko Auzitegiak egin zuen eraikidura jurisprudentzialarena Ezaguna da, eraikidura araukor batetaz gain (Konstituziogileak eta legegileak eginikoa) eraikidura jurisprudentzial baten lana ere egin zela, nahiz eta, kasu honetan, II. Errepublikako Berme Konstituzionaleko Auzitegiaren lana oso hasierako neurri batetan gelditu (joera mailan). Baina, zalantzarik gabe, esan daiteke, Auzitegi honen epaiek Estatu Integral delakoaren esanahia tinkatzerakoan lagungarri zorta daitezkeela..

II. Estatu integralaren eraikidura araukorra

Jakina denez II. Errepublikako ordenamendu juridikoan, lurralde-botere banaketa ereduaren eraikuntza araukorraren esparrua, Konstituziotik hasten da.

Estatu Integral formularen itzalpean, erregioen autonomiari printzipio konstituzionalaren maila aintzatesten zaio (4) 1936ko martxoaren 5eko Berme Konstituzionaleko Auzitegiaren epaiak horrela ezagutuko du, nahiz eta, ikusiko den bezala, printzipio horren edukinaren norainoko zehatza Autonomi Estatutu bakoitzaren esanetan egon..